“Elkartasun Aleak” erakusketa inauguratu berri da Gipuzkoako Kutxa Solidarioaren eskutik. Gipuzkoako elkarte-ehuna ikusgai egiten duen erakusketa dugu hau eta Egiako pasabidean bisitatu daiteke, Donostian, azaroaren 12 arte.
Erakusketaren helburua
Helburua Gipuzkoa osoan lan egiten duten erakundeen egitekoa ikusgai egitea da. Erakusketa gizarte-aktibazioa bultzatzeko grinarekin jaio da, konplizitate-sareen premia eta konpromiso pertsonala sustatzearen beharrengatik. Entitateak ezagutzen dituzten pertsona kopurua handitzea bilatzen da, beraiekin kontaktuan jarri eta laguntzeko aukera ikusi dezaten, adibidez boluntario bezala. Azken helburua, noski, gizartea partaidetza aktibo baten garrantziaz sentsibilizatzea izango da. Inklusioaren, tolerantziaren eta errespetuaren garrantziaz.
Erakusketaren izaera
“Elkartasun Aleak” 21 panelez osatua dago pasabide osoan sakabanatuak eta horietan entitate desberdinak aurkitzen dira gaietan sailkatuak. Berezitasuna erakunde bakoitzaren izenaren ondoan QR kode bat aurkitzen dela da. Mugikorra kodera gerturatzen baduzu entitatearen webgunera joango zara zuzenean eta bertan egiten duten lana ezagutu ahal izango duzu. Eta ez hori bakarrik, klik bakoitzeko 1 € emango diozu erakundeari Kutxa Solidarioa bitartez. Horretarako, beharrezkoa da QR kodeak irakurtzen dituen aplikazioa deskargatzea mugikorrean.
Sistema honi buruz informazio gehiago nahi izango bazenute Kutxa Kultur Plazara gerturatu zaitezkete, Tabakaleran, eta bertan azalduko dizuete.
Gautena erakusketan
Gautena Osasunaren panelean aurkitu dezakezue, Tabakaleraren aldetik pasadizora sartzerakoan, hasieran eta ezkerreko aldean duzue ikusgai.
Sailkapenaren inguruan, esan beharra dugu hau ez dela egokiena Gautenak AEN duten pertsonekin egiten duten lana deskribatzeko. Azpimarratu nahi dugu autismoa ez dela gaixotasuna eta ez duela sendabiderik behar. Autismo España Konfederazioak eta AETAPIk, Autismoaren arloko Profesionalen Espainiako Elkarteak, adierazten duten modura, autismoa oinarri neurobiologiko bat duen nahasmena da eta, gaur egun, ezin da sendatu. Estatu eta mundu mailan AENaren tratamendurako gomendatzen diren esku-hartzeak heziketa-psikologiko izaera dute. Indarguneak sustatzean datza eta garapen pertsonala, lan-inklusioa eta bizi kalitatea bultzatzen dituzten laguntzak eskaintzea dute helburu.
Logika honi jarraituz identifikatuagoak sentitzen gara, beste batzuen artean, Aniztasun Funtzionalaren panelarekin, non hurrengoa irakurri daitekeen: “pertsona guztiok gauza bera era berean egin beharrean, egon nahi dugun tokian egoteko modu desberdinak aurkitu behar ditugu.”
Azkenik, gogoratzen dizuegu Egiako pasabidean egongo garela azaroaren 12 arte. Guztion laguntza funtsezkoa da AEN duten pertsonen eta beraien familien eskubideen alde lan egiten jarraitzeko.